lunes, 20 de mayo de 2013



MAIATZA - EKAINA 2.293 km

TXINARA EGOKITZEN

Laos eta Txina arteko mugan bertan konturatu ginen sekulako aldaketa izango genuela berehala. Mugako eraikinak ikustea besterik ez dago; Laoseko aldean eraikin xumea eta Txinakoan erraldoia. Muga arazorik gabe zeharkatu eta ongi etorri Txinara!


Errepidea primerakoa eta oso zabala izateaz gain aspaldiko partez tunelak aurkitu genituen. Hilabeteak daramagu errepidean tunelik ikusi gabe eta Txinan makina bat topatu genituen lehenengo egunean. Mengla herrira iritsi eta hara hor zer topatu genuen.


Laoseko egurrezko eta banbuzko etxeetatik Txinako eraikin berri eta handietara pasa ginen di-da batean. Hain gertu dauden bi herri eta hain desberdin …

Menglan autobusa hartu eta egun bateko bidaiaren ostean Kunmingen geunden, Yunnan probintziako hiriburuan.



Sekulako kontrastea suposatu du guretzat aldaketak eta nahiko kosta zaigu egokitzea. Milioi bat pertsona bizi den hiri batean, etxe orratzen artean, jendez inguratuak… galduta sentitu ginen lehengo egunetan. “Non demontre sartu gara?” zen gure galdera.


Toki batera egokitzeko modurik onena bertakoekin bat egitea da eta horretan ibili zen AinhoaAsian izugarri gustatzen ari zaigun gauzetako bat jendea kalean taldeka dantzan ikustea da. Espazio publikoa aisialdirako toki aproposa.


 Dantza irakasle honek bere bizikletan dauka antolatua musika aparatua.


Gure egokitzapen prozesuarekin jarraitzeko bizikleta gainean jarri eta Kunmingetik Dalirako bideari ekin genion. Hasierako kilometroak ez ziren oso atseginak izan: kamio dezente errepidean eta fabrika ugari inguruan.


Baina hiritik urrundu eta mendialdean murgiltzen joan garen heinean inguruak geroz eta itxura hobea hartu du eta hemen egotearen arrazoia argitzen joan zaigu.




Mendialdean, gehienetan bezala, nekazaritza da jendearen ogibidea. Arroza nonahi.



Errepide batzuk lastoz estaliak aurkitu ditugu.


 Hirietara hurbildu orduko eraikin berriak egin eta egin topatu ditugu. Hirietako etxeak.


 Herrietako etxeak.


Etxeetako pertsonak.


 Errepide ondoko jatetxe ugarietan aukera zabala dago bazkaltzeko. Arroz zuria da oinarria baina barazki aukera handia dago. Hozkailura jo, zein barazki nahi dugun adierazi keinuekin eta berehala mahai gainean dugu jateko prest.


Hemen Koldo bi txirrindulari txinatarrekin dago afaltzen: Kameron eta Cookie  (izen txinatarra izateaz gain ingelesezko izena ere jartzen diote beren buruari, bitxia). Tibetera doaz eta Lhasarako bidean topatu genituen. Oso jatorrak dira eta egun pare bat eman ditugu elkarrekin. Itzultzaile lanak egin dizkigute.
Txinatarrak erretzaile sutsuak dira eta askok tabakoa erretzeko urez betetako pipa erraldoia erabiltzen dute.


Ez dakigu zehazki antolaketa komunistaren ondorio den baina sekulako landa zabalak aurkitu ditugu bidean eta gehienak oso ongi antolatuak.




Yunnan probintziaren paisaia menditsua denez bailaraz bailara gabiltza gora eta behera.



Dalira iritsi aurretik ezusteko galanta izan genuen. Hou Shan Cun herrixkan emakumeen jantziei erreparatu eta aho bete hortz geratu ginen. Zeinen jantzi dotoreak! Yin etniako oso zabaldua dago Yunnaneko mendialdean eta emakumeen jantziak zoragarriak dira.



Euritan iritsi gara Daliko hiri zaharrera eta turista txinatarrez inguratuta aurkitu ditugu gure buruak. Geroz eta hobe sentitzen gara Txinan.


Gure asmoa KunmingYunnan probintziako hiriburua eta ChengduShichuan probintziako hiriburua, bizikletaz lotzea da. Ea eguraldia lagun dugun.


TXINAZ GOZATZEN

Daliko herri zaharrari hiru pagoda ezagunen aurretik pasatuz agur esan genion.


Berriz ere errepidean geunden Txinaz gozatzeko irrikatan.


Dali inguruan landa zabalak daude eta bertan nekazari ugari topatu genuen lan eta lan.


Horrelako baratz erraldoiak izanda ez da harritzekoa gero platerean jaki goxo ugari egotea. Jatetxe gehienetan, honako honetan bezala, oso zabala da barazki aukera. A ze gozamena!


Jiangwei herrian hamaiketakoa egitera gelditu eta bertako herritarrek gonbidatuta sekulako janari festa izan genuen. Ez zen erraza izan gero bizikleta hartzea!


Egun hauetan errepidean txirrindulari txinatar andana topatzen ari gara. Egunero talde desberdinak topatzen ditugu eta denak Lhasara doaz, Tibeteko hiriburura. Ez dakigu oso ongi zergatik baina txinatarren artean oso zabaldua dago Kunmingetik edo Chengdutik Lhasarainoko bidea bizikletaz egitea. Bizikleta gaineko inbasioa jasaten ari da Tibet!


Gure erritmoa askoz lasaiagoa da. Lijiangerako bidean trafiko handia topatu genuen baina, egia esan, dezente errespetatzen dituzte txirrindulariak txinatar gidariek.


Daliren ostean Yunnaneko hurrengo geltoki turistikoa Lijiang da eta hemen, Dalin bezala, herri zaharberritua topatu genuen. Herria oso polita da baina turista txinatarrez eta hauentzako dendaz beteta dago. Gure txoko lasaiak topatu genituen halere.




Lijiangetik atera eta kilometro batzuk igo ondoren sekulako jaitsieraz gozatzeko aukera izan genuen. 25 kilometro beherantz Yangtze ibaiarekin topo egin arte.


Yangtze ibaiaren ondotik aurrera jo genuen Qiaotou herriraino. Bertan Yangtze ibaiak sortutako arroila ikusgarria hasten da: Tiger Leaping GorgeQiaotoun bizikletak utzi eta oinezko mendi ibilaldia egitea erabaki genuen eta zinez merezi izan zuen. Ibaia arroila sakonean sartzen da eta paisaia zoragarria da.


Mendi elurtuak goian




eta ibai indartsua behean.




Zalantzarik gabe, bidaiako paisaiarik ederrenetariko bat topatu genuen.

Qiaotoura bueltatu, bizikletak berriz hartu eta Shangri Larako bidean malda gogorrak topatu genituen. Bide nagusia utzi eta bigarren mailako errepide zaharra hartu genuen trafikotik ihes egiteko asmoarekin.



Zerua estaltzen joan zitzaigun pixkanaka eta lotarako toki bila hasi ginenean ostaturik ez genuen aurkitu inguruan. Guanfang herrixkan bide ertzean zegoen etxetxo batean galdetu eta familia honek txokoa egin zigun sutondoan. Arratsalde zoragarria pasa genuen familia guztiarekin: amona,alaba, semea, biloba, birbiloba… ia familia osoa ezagutu genuen. Amona bereziki maitagarria zen bere txano dotorearekin. Hizkuntzaren traben gainetik komunikazioa lortu daiteke benetako gogoa dagoenean.


Lotarako txokoaz gain afaria eta gosaria ere eskaini ziguten. Zer edo zer ordaintzeko saiakera egin baina ezinezkoa izan zen, ez zuten onartu. Geneuzkan gaileta, kakahuete eta txokolate guztiak eman genizkien gutxienez. Agurtzerako orduan familia osoa batzeaz gain bizilagunak ere gerturatu ziren.


ANIZTASUNA

Txinan espero ez genuen gauzetako bat aurkitzen ari garen aniztasun etnikoa da. Yunnan probintzian emakumeen jantziei erreparatu eta oso janzkera ezberdinak topatzen ari gara, batzuetan bailaraz bailara aldatzen doaz. Egunerokotasunean naturaltasun osoz janzten dute modu honetan inolako asmo turistikorik gabe. Hona hemen aurkitu ditugun emakume batzuk:

Daliko merkatua



Jiangwei


Songgui



Gaunfang


TIBETEKO ATEAN

Guanfang herrixkatik gora 3.300 metroko Shangba La mendatea pasa eta ezusteko aldaketa izan genuen.


Bat batean Tibet agertu zitzaigun. Shangri Larako bidea euritsua izan zen eta, hoztuta eta bustita egon arren, Tibeteko jendeaz, etxeez eta paisaiaz inguratuta egotearen ilusioarekin iritsi ginen. Shangri La Tibeteko atea izan da guretzat eta Ladakheko eta Nepaleko mendialdeko oroitzapenak datozkigu etengabe burura.


Shangri Lako alde zaharreko plazan arratsaldero dantza-plaza eder bat antolatzen da. Borobilean jarri eta bi orduz dantzan aritzen dira tibetarrak; zahar eta gazte, emakume eta gizon.


Inguruko herrixketara hurbildu gara egun pasa. Txinako gobernuarentzat zonalde hau guztia ofizialki Tibet ez bada ere, guretzat ez dago zalantzarik, Tibeten gaude: belardi zabalak, etxe erraldoiak, Yakak eta jende maitagarria.



Gure Txinako bisa luzatu behar dugu Shangri Lan eta horren zain lau egun eman behar ditugu hemen. 3.300 metroan gaude eta hemendik gorantz jo behar dugu. Litangerako bidean 4.000 metrotik gorako hiru mendate ditugu zain. Aupa Tibet!



BAILARAN GORA BAILARAN BEHERA LITANGERA

Gure txinatar bisaren hilabeteko luzapena lortu eta Shangri Lari agur esanaz, bizikleten gainean martxan geunden berriz ere. Shangri La utzi orduko konturatu ginen ingurune guztiz desberdin baterantz gindoazela. Askoz ere basatiagoa, gogorragoa eta ederragoa.


Lehenengo gaua Shangcun herrixkako dendatxo honetako sukaldean egin genuen lo.


Dendako jabea emakume jator hau zen eta txoko goxoa egin zigun sutondoan. Arratsaldean denda itxi eta baserriko animaliei jaten ematera joan ginen hirurok.


Hurrengo egunean geneukan lehenengo igoera luzea. 3.910 metroko altueran, beti bezala, tibetar banderatxo koloretsuak genituen zain.


Banderatxoak eta bista ederrak, mendi harritsuek babestutako bailara. Harantz jo genuen maldan behera.



Behean, bailara berdearen erdian, erreka eta herriak.


Wengshulkun herrixkan bueltatxo bat emateko eta bertako jendearekin nahasteko aukera izan genuen. Tibetar gizon askok kapela dotorea janzten dute buruan.


Emakume hau, berriz, bere Yakak zaintzen topatu genuen. Bere txabolatxora gonbidatu eta Tibeten oso zabaldua dagoen gurinezko tea prestatu zigun. Tutu urdinean Yak esnez egindako gurina sartzen du, gero tea bota eta makilaren laguntzarekin ondo nahastu. Nahiko gogorra egiten zaie gure sabelei baina horrelako gonbite bati ezin ezetzik esan.


Bailara horretatik irteteko Daxuenchan mendatea (4.330m) zain genuen. Mendatearen zailtasunik handiena errepidearen egoera txarrean dago. Asfaltoari egur esan eta ia 80 kilometroan harrizko eta hautsezko pista gogor bati aurre egin behar izan genion.


Behetik gora ikus daiteke bideak mendiaren magalak nola marrazten dituen. Gaina urrun, oso urrun, ikusten den arren,


beti iristen da goitik behera begiratzeko unea.


Denbora kontua da tontorrera iristea.


Daxuenchan mendatera iritsi eta bertatik ikus daitekeen paisaia izugarria da. Jaitsiera luzea baino lehen, kilometro batzuk egin behar dira puntaz punta. Gogorra izan arren, bailara eta mendiek ezinbesteko laguntza eskaintzen dute bidearen gogortasuna lehuntzeko.


Azkenean iritsi zen hainbeste itxaroten genuen jaitsiera. Arazoa zera da, pista harritsutik behera egitea ez dela batere xamurra. Gorantz nekatu eta beherantz baita ere, hau komeria!


Hantxe genuen bailara berri bat zain. Zortzi ordu eta erdi bizikleta gainean ibili ondoren iritsi ginen behealdean ikusten den Namukun herrixkara. Egun luuuuuze eta edeeeeerra.


Paisaia asko aldatu zitzaigun bailara honetan. Pinuen berdetik lurraren kolore lehorrera pasatu ginen.


Etxeetan ere aldaketa. Etxeek teilatua izateari utzi zioten eta forma karratua eta kolore zuria nagusitu ziren.


Lurraren lehortasunarekin kontrastea eginez gari berdearen kolorea agertzen da etxe askoren inguruan.


Bailararen bukaeran, hurrengo eguneko mendateari ekin aurretik, Shagong herrixkan egin genuen geldialdia. Gaua ospitalean pasa genuen.


Baina lasai, ez genuen inolako gaixotasunik izan! Herrixkan lo egiteko toki bila hasi eta ospitaleko medikuek hutsik zeuden bi ohe eskaini zizkiguten, ospitaleko bi ohe, noski. Hasieran, erientzako tramankuluez inguraturik egotea arraro samarra egin bazitzaigun ere, ohe erosoak ziren eta primerako atsedena izan genuen. Ohearen eta afariaren ordainean saskibaloi partida jokatu behar izan genuen. Arnasestuka ibili ginen oxigeno nahikorik ezin lortu!


Hurrengo egunean, Litangerako bidean mendaterik garaiena genuen zain, Kuluke medatea (4.708m). Bailara eder eta estu batetik gora hasten da 32 kilometroko igoera luzea.


Bidean, atsedena hartu eta mokadutxo bat egiteko orduan, Yak zaintzaile jatorrak.


Bailara zabaldu eta pinuz estalitako mendi magalak behealdean geratzen joan ziren altuerako lehortasunari bide emateko.


Lortu dugu, Kuluke mendatearen puntan gaude!



Goialdean, alde guzietara begiratu eta belardi zabalez eta mendiz inguratuak geunden, zoragarria. Haizea zebilen arren hotzik ez.


Behealderako bidea hasi bezain pronto, zapla! Koldoren gurpileko kubiertak kito esan zuen 4.500 metroan geundela. Makina bat kilometro eginak zituenez atsedena hartzeko ordua zela pentsatu zuen. Hortaz, ordezkoa atera, aldatu eta aurrera Sangdui herrirako jaitsieran.



Tibet erlijioarekin estuki loturiko lurraldea da eta hori egunero bizi dugu. Budismo tibetarra oso presen dago toki guztietan. Eraikin hauek, adibidez, gurpil erraldoiak dituzte barruan. Tibetarrak hamaika buelta ematen dizkiote gurpilari bere inguruan errezatzen duten bitartean.



Forma borobilak zentzu berezia dauka.


Eta emakumeak eskuan duen tramankulu berezi horri ere etengabe ematen dizkiote birak errezatzen duten bitartean.


Guk, errezatu, ez dugu errezatzen, baina tira, buelta batzuk eman dizkiogu tramankuluei zorte onaren esperoan.

Hurrengo egunean Tuer mendatearen (4.696m) txanda zen. Bertarako bidean paisaia aldaketa berri batez gozatzeko aukera izan genuen. Egia esan, egiten ari garen ibilbideak oso paisaia anitzak eskaintzen dizkigu. Honako honetan harri erraldoiez eta arrokaz estalitako goi lautada izan genuen.

 

Goi lautadan zehar makina bat laku txiki.


4.500 metro inguruan norbait bizi al daiteke? Norbait aurkitu al daiteke horrelako ingurune gogorrean? Bai. Yakak inguruko belardi zabalak oso gustuko dituzte.


Eta beraiekin batera, nola ez, Yak zaintzaileak. Hantxe topatu genuen emakume jator hau bere seme txikiarekin. Ezerezetik agertutako pertsona miresgarriak.


Mendialdean, goi lautada deitu arren, ibilbide laurik ez dugu aurkitu. Bidea beti gora eta behera. Ezusteko paisaia aldaketak eta baila berriak.


Mendate baten gainera iristearen poztasuna izugarria da. Tuer mendatean bezala, bertaraino pedalei eragiten  iristeagatik


eta bailaran behera jaitsiera luzearen saria zain izateagatik.


Mendateen bukaeran belardi zoragarriak zabaltzen dira. Belardi zabal hauetan herrixkak daude eta belardien bukaeran, zeruertzean, mendiak, beti mendiak.


Herrixketako etxeetan kolore aldaketa berri bat eman da. Forma karratua izaten jarraitzen badute ere, orain, Zhousang herrixkako etxe honek bezala, zuri kolorea alde batera utzi eta lurraren kolore bera hartu dute.


Ia dena primeran joan den arren, den dena ez da perfektua izan. Shangdui herrixkatik Litangerainoko errepidea berritzen ari dira eta 120 kilometroan obratan zegoen bidea. Hautsa dezente jatea tokatu zaigu eta bidea gogortzeaz gain itsustu ere egin digu. Baina tira, guri gustatzen zaigun bezala, gauza txarrak ahaztu eta onekin geratzen gara.


Litangera iritsi aurretik azken esfortzua geneukan Temple mendateraino (4.136m) iristeko. Mendatearen gainean tenplu eder bat dago eta banderatxo budistaz estalitako tenplu itxurako harkaitz erraldoia.Litangerako bidean azken mendatea!


Mendatetik, bailararen bukaeran, lautada zabala ikus daiteke eta lautadaren bukaeran, Litang, gure helburua.


Baina Litangera iristear geundela ospakizun txiki bat izan genuen: 10.000 km!!! Gezurra badirudi ere Kashmirren bizikleta gainean jarri ginenetik 10.000 egin ditugu jada. Eaaaaarra!


Litangera nekatuak iritsi gara, nekatuak baina pozez gainezka eta bizitakoaren handitasunean ezin kabitu. Orain atseden hartzeko pare bat egun izango ditugu eta gero Ganzi alderako bideari ekingo diogu iparralderantz. Orain atsedena eta gero gerokoak.


LITANGETIK GANZIRA, YALONG IBAIA

Litangeko atseden egunak inguruak ezagutzeko baliatu genituen. Herritik irten eta mendiz inguraturiko belardi zabaletan etzatea eta erlaxatzea oso atsegina da.


Belardi hauetara jendea hurbiltzen da animalien kaka biltzera. Kaka hau, Ladakhen eta Nepaleko mendialdean ikusi genuen bezala, ongi lehortu eta sukalderako erregai preziatua da.


Litangeko biztanleei harridura sortzen die mendebaldeko zuriak ikusteak eta etengabe agurtu eta beraiekin esertzera gonbidatu gaituzte solasean aritzeko edo, gutxienez, saiatzeko.


Herri galdua dirudi Litangek, gizonen jantziei erreparatuz, “Far West”etik aterakoa.


Hori bai, hemen, zaldiak erabili beharrean motoak erabiltzen dituzte. Dotore apaintzen dituzte eta, kasu askotan, argazkian ikusten den bezala, hotzari aurre egiteko eskularru finkoekin.


Litangeko monasterioa bisitatzera hurbildu ginen eta monjeak errezoan topatu genituen. Errezoak, tutu erraldoiak eta danborrak.



Etengabe harritzen gaitu tibetarren fedeak. Emakume hauek beraien burua lurrera botatzen dute arrastaka errezatzeko.


Litangen atsedena hartu ostean joateko eguna iritsi zitzaigun. Belardi zabalak inguruan eta Yakak belarra jaten genituela urruntzen joan ginen.


Litangetik Ganzira doan bidegurutzea hartu eta a ze bide ona! Berri-berria, leuna... aspaldiko partez!


Bailara uzteko 4.469 metroko mendate bat pasa behar genuen.


Baina eguna aurrera joan ahala zerua lainotzen joan zitzaigun eta mendatean gora gindoazela lehen euri tantak sumatu genituen. Konturatu orduko sekulako ekaitza bota zuen, kazkabarra goitik behera! Eskerrak ordurako aterpea topatu genuela sutondoan goxo-goxo.


Tibetarrek etengabe erakusten digute beraien eskuzabaltasuna eta , honako honetan, gizon jator honek bere plastikozko aterpeko ateak ireki zizkigun parez pare.


Ekaitza atertu eta laino artean pasa genuen mendateko gaina.


Jaitsiera hasi bezain pronto kanpamendu berezi honekin topo egin genuen.


Tibeten harritu gaituen kontu batekin lotuta dago kanpamendua. Tibetarrak, garai honetan, mendi garaietara hurbiltzen dira har-onddo berezi baten bila: “Yatsa Gunbu” izena du tibetarrez eta “Chinese Caterpillar Fungus” ingelesez. Onddo batek, lur azpian, har hau parasitatzen du eta hil eta momifikatu ostean lurpetik ateratzen da onddoa.


Tibetar ugari topatu dugu har-onddo berezi honen bila mendialdean eta kanpamenduak ere antolatzen dituzte bertan egunak emateko. Sekulako salerosketa topatu dugu har honen inguruan. Har bakoitzagatik 40 yuang (5 euro) ordaintzen dute eta hauek gero hirietan askoz garestiago ordaintzen omen dira. Medikamendu berezi bat egiten da har hauekin eta tibetar eta txinatar medizina tradizionalean oso ezaguna da.


Kanpamenduari agur esan eta guk aurrera jarraitu genuen bailaran behera.


Bailaren bukaeran Yalong ibai indartsua genuen zain. Ibaiarekin topo egin bezain pronto aurreko eguneko errepide zoragarria harrizko pista gogaigarri batean bilakatu zitzaigun: obrak berriz ere. Zerutik infernura azkar asko pasa zaitezke.


Jendearen animoak ez zaizkigu sekulan falta


nahiz eta batzuk nahiko lotsatiak izan.


Jendearen animoak eta paisaiaren edertasuna lagun askoz errazago egiten dira kilometro gogorrak. Yalong ibaiak bailara erraldoia sortu du bere bidean eta mendien horma bertikalek babesten dute ibaia.


Herrixka tibetarrek ibaiaren bi ertzak apaintzen dituzte.


Xinlong bidean topatu dugun herri handiena izan da. Bertan, ostatua hartu genuen hoteleko langileek loa, afaria eta afal osteko garagardoak musu-truk eskaini zizkiguten. Topa!


Emakumeen janzkerez gozatzen jarraitu dugu. Emakume honen ilea adibide.


Baina inguru honetan gizonezkoek ere mantentzen dituzte ohiturak. Khamp tibetarra da honako hau.


Hiru egun eman ditugu ibaian gora bihurgune bakoitzaren atzetik zer aurkituko dugun jakin gabe. Momentu oro ezusteko berri bat.


Renda herrixkan lotarako toki bila hasi eta familia tibetar honen etxean jarri genuen kanpin-denda. Beraien etxeko ateak ireki eta afari berezia prestatu ziguten: Tibeten oso zabalduak dauden momoak. Irinez eginiko maza batez estaltzen dituzte barazkiak (edo haragia) eta gero baporezko pertza batean prestatzen dituzte. Hementxe etxekoandrea momoak egiten.


Senar-emaztea, semea eta gu biok afaldu genuen elkarrekin etxeko suaren ondoan. Sukaldea da etxeko tokirik goxoena eta suaren inguru da topalekurik gustukoena.


Goizean goiz, agurtzerakoan, hunkituta alde egin genuen. Estimua hartu genion elkarri.


Ganzira gerturatzen ginen heinean bailara estutzen joan zen. Yalong ibaiaren sigi-sagak areagotzen


eta ibaiaren urak harrotzen.



Bat-batean, bailara zabaldu eta Ganziko lautada zabalean geunden. Elurrez estalitako mendiz inguratutako lautada zabalean kokatzen da herri handi hau.


Ganzin, paisaia ederra eta Tibeteko giroaz gain, pertsona berezi bat aurkitu genuen: Dhondup. Hamazazpi urte eman ditu Indian, zortzi urtetatik. Bere gurasoak beldur ziren Txinaren eraginpean beren semeak tibetar sustraiak galduko ote zituen. Indian dago Tibeteko gobernua atzerrian eta han jaso du Dhondupek tibetar hezkuntza. Familiaren berotasunaren beharrak bultzatuta duela hiru hilabete bueltatu zen Tibetera. Ongi prestatutako koartada baten laguntzaz Indiatik Nepalera eta Nepaletik Tibetera pasa zen. Txinako gobernuak Indiatik zetorrela jakinez gero ez luke ez Tibeten ez Txinan sartzeko aukerarik izango. Nepal erabiltzen dute tibetarrek Indian dagoen beraien atzerriko gobernurako zubi bezala.


Ingelesa oso ongi hitz egiten duenez egun osoa elkarrekin eman genuen Ganzi ezagutzen. Gure gida izan zen egun betez. Bere aita pertsona garrantzitsua da inguru honetan indar handia duten Lamekin duen harremanagatik eta tibetarrek asko miresten dute. Ganziko emakumezkoen monasterio baten ardura du eta Dhondupek lagunduta hara joan ginen bisitan. Gezurra badirudi ere, laurogei urte ditu.


Moja jatorrek monasterioko txokoak erakutsi zizkiguten.


Dhondupen familiak, familia txiroetako haurrentzat eskola bat antolatu du Ganzin. Jo eta ke lanean topatu genituen haurrak.


Gure laguna eta bere familia agurtu ostean Ganzi atzean utzi genuen. Hemendik pixkanaka ekialdera joko dugu Chengdurako bidean. Ganziko ingurune menditsuari agur esan eta Danba izango da hurrengo geltokia.




GANZITIK DANBARA, AGUR TIBET

Ganzi atzean utzi eta kilometro gutxira errepide ona lokatzezko pista irristakorra bilakatu zitzaigun. Aspaldian ez bezala, gure bizikletak bultzatu behar izan genituen. Etsigarria.


Lokatzarekin askoz hobe moldatzen gara maldan behera.


Tibeteko gure azken egunak oso bereziak izan dira. Herriz herri ibili gara eta hiru egun jarraian eman ditugu tibetarren etxeetan lo egiten. Lotarako toki bila hasi eta beraien etxeko ateak ireki dizkigute. Lokatzari aurre egin genion egunean elkarren ondoan sukaldean goxo berotu ginen.


Hurrengo egunean, eguzkia lagun eta errepide bikainarekin, askoz aldarte hobearekin ekin genion bideari. Ibaiaren ondoan bailara zabal batetik behera ziztu bizian egin genituen kilometroak



Tibet inguruan, mendietan, tibetarrez idatzitako kontu ezberdinak topa daitezke.


Pixkanaka azken mendateak gainditzen joan gara.



Honako honetan 3.950 metroan gaude. Guk, gehienetan, mendateen gainetara iristea argazki batekin ospatzen badugu…


tibetar askok gainak pasatzerakoan errezoz idatzitako paperak jaurtitzen dituzte airera.


Bamei herrira iritsi aurreko mendatea pasa eta zeinen paisaia ederra. Belarrezko alfonbra laua, Yak taldeak han-hemen, tenplu budistak eta mendiak. 



Hurrengo egunean, Bameitik Danbara, berriz ere 4.000 metrora igo ginen. Tontorretik sekulako menditzarrak ikus daitezke.


Bailaran bukaeran, 60 kilometroko jaitsieraren ostean, Danba herria zain genuen: gozamena!


Baina jaitsiera hasi bezain pronto beste ezusteko eder bat: Yala mendia (5.820 m) eskuinean.


4.000 metroan hasi genuen jaitsiera eta 1.880 metroan bukatu Danban. Bailara estu batean aurkitzen da Danba herria harrizko pareta bertikalez inguratua. Inguruko herririk garrantzitsuena da.


Bertan, berriz ere, emakume tibetarren janzkerak txunditu gaitu.



Zonalde honetako dorreak ezagunak dira. Bailaran zehar nonahi ikus daitezke aitzinako dorre hauek, dozenaka. Gu, Suopo herrixkara hurbildu ginen dorreak gertutik ikustera.


Gure Tibeteko sarrerako atea Shangri La izan bazen, gure Tibeteko irteerako atea Danba izan dela esan dezakegu. Danban tibetarren eta txinatarren arteko nahasketa handia dago. Tibetar emakumeen jantziak txinatarren komertzio modernoekin nahasten dira. Hemendik aurrera, poliki-poliki, Tibet Txinan lausotzen joan zaigu guztiz desagertu arte.

DANBATIK CHENGDU HIRIRA, SIGUNIANG MENDIAK

Danba herria bailararen behealdean utzi eta guk goranzko bideari ekin genion Rilong herrixkarantz.


Rilong Siguniang Shan mendietara joateko sarrera da. Siguniang Shanek Lau Neskak esan nahi du txinatarrez eta bertan dauden lau tontorrek ematen diote izena inguruari. Bi eguneko ibilbidea egin genuen Haizi Gou bailaran (Lakuen Bailara). Oinez hasi eta berehala Lau Neskak agertu zitzaizkigun eder eta galant. Ezkerretik eskuinera, gazteenetik zaharrenera: Siguniang Shan (6.250 m), Sanguniang Shan (5.664 m), Erguniang Shan (5.454 m) eta Daguniang Shan (5.355 m) hurrenez hurren.



Bailara zoragarrian barna ordu batzuk egin ostean bailarari izena ematen dioten lakuak topatu genituen. Da Haizi (Laku Handia) lehenengo


eta Hua Haizi (Loreen Lakua) gero.



Ingurunearen edertasunak aho bete hortz utzi gintuen. Hua Haizi ondoan kanpin-denda jarri eta bertan eman genuen gaua.



Hurrengo egunean bailaran aurrera egin genuen mendietara gehiago gerturatuz.


Benetan txiki sentitzen zara naturaren handitasunaren aurrean.



Siguniang Mendiak utzi eta bidaia honetako azken mendate handia genuen zain. Dagoeneko mendateei ez diegu beldurrik, nahiko ohituta gaude, beste zerbaitek beldurtu gaitu ingurune honetan. 2.008ko maiatzaren 12an, 8.0 mailako lurrikara beldurgarri baten ingurune hau oso gogor astindu zuen ia 100.000 hildako eraginez. Inguruan oraindik lurrikara horren arrastoak ikus daitezke. Lurrikararen eraginez mendietatik harkaitz asko erortzeaz gain beste asko solte geratu ziren. Errepide berrira, inguruko hormetatik, harri asko erortzen dira eta pedalei eragiten genien bitartean gorantz begira joan gara badaezpada ere.


Errepide zaharraren egoera lurrikaren ostean.


Horrelaxe igo genuen Balang mendatea (4.500 m), gure azken mendate handia.


Zerua geroz eta estaliago,


laino artean, tenplu tibetar honen aurrean ospatu genuen gure azken gaina.


Laino guztien azpitik han behean ikus daiteke bailara. Harantz goaz.


Bailaran behera egin eta lainoei agur esango genielakoan geunden, baina ez zen horrela izan. Lainoa ongi sartuta zegoen bailaran. Bustialdi polita hartu genuen.


Gogorrena, ordea, etortzear zegoen. Errepide bikaina izan dugu azken egunetan, berri-berria, oso lasaia. Baina 23 kilometroan obretan daude oraindik. 23 kilometro obretan gehi euria, hona hemen batuketaren emaitza:


Baina okerrena ez zen lokatzezko plisti-plasta izan, berri txarrena bizikletaren gurpilean zegoen.


Bidaia honetan gurpileko bigarren uztaia apurtu du Koldok. Bidearen gogortasunaren ordaina. Baina patuak ezusteko on asko ematen dizkigu eta horixe gertatu zaigu Dujiangyan hirian. Chengdu aurreko azken geltokia zen Dujiangyan eta lokatzez beteta eta gurpila apurtuta iritsi ginen bertara. Lotarako toki bila genbiltzala bizikleta denda honekin topo egin, bertakoek hurbiltzeko esan eta solasean hasi ginen. Hotela aurkitzen lagundu eta afaltzera gonbidatu ziguten.


Hurrengo egunean gurpila konpontzeaz gain bizikletak errebisatu zizkiguten. Chengdura oraindik ez joateko eta beste egun bat beraiekin geratzeko eskatu ziguten. Azkenean, bizikleta dendako jabeekin, langileekin eta beraien koadrila eroarekin afaltzen bukatu genuen.


Chengdu inguruan oso famatua den Hot Pota afaldu genuen. Mahaiaren erdian dagoen pertza hori da Hot Pota eta bertan berotzen dute janaria: okela, arraina, barazkiak… denetarik sartzen dute hor, ondo egin eta bero-bero prest dago jateko. Bero eta pikante, oso pikante.


Dujiangyanen sabela eta animoak ongi berotuta, azkenean, iritsi gara Chengdura. Duela ia bi hilabete Kunmingen bidea hasi genuenean hain urrun eta zail ikusten genuen helburua bete dugu: Chengdun gara!!! Guretzat behintzat, sekulako balentria izan da. Mao berbera Chengdun genuen ongi etorria emateko prest.




AGUR TIBET, AGUR TXINA

Mendialdean horrenbeste denbora eman ondoren hasieran nahiko galduta sentitu ginen Chengdu hiri handian. Bat-batean jende andanaz eta eraikin erraldoiez inguratuak geunden.



Baina pixkanaka Chengduko xarma ere ezagutzen joan ginen. Kontraste berezia aurki daiteke hiri honetan. Hiriaren handitasunean txertatua, erdialdean bertan, txoko txiki ugari eta auzo giroa aurki daiteke.

Emakumea ontzi grisetan baporez momoak prestatu eta saltzen


edo gizona kale erdian bere harategia prestatzen.


Gure ostatatuan badminton txapelketatatxoa antolatu zen eta Koldok parte hartu eta irabazi egin zuen saria lortuz: gaua musu-truk.


Baina Chengduko ikono nagusia eta turistontzat ezagunena hiriaren kanpoaldean dago: Panda hartza. Animalia zoragarri hau desagertzeko arriskuan dago eta Chengdun ikerketa gune nagusia dago. Turista asko hurbiltzen da bertara Panda hartza gertutik  ikustera. Panpina bat dirudi baina benetakoa da. Maitagarria.




Panda hartzak eskaini digu Txinako agurra. Bi hilabete eman ditugu Txinan eta Tibeten bizikletaz 2.300 eginez. Txinako aniztasunak eta Tibeteko magiak bete gaituzte eta, dudarik gabe, bidaia osoko egunik ederrenetarikoak izan dira. Gogorrak, gehienetan bezala, mendialdean aurkitzen baititugu paisaia ederrenak. Hemen aurkitu ditugunak sekulakoak izan dira.


Aitor eta Everi (Cycloterapy.com) eskerrik beroenak eman behar dizkiegu, beraiek emandako informazioa eta beraien blogean eskaintzen dituzten azalpenak ezinbestekoak izan baitira guretzat ibilbide hau egiteko. Eskerrik asko eta zorte on Amerikan hasi berri duzuen bidaiarako!!!

Baina barrura iritsi eta betirako geratu zaiguna bertako jendearekin emandako momentuak dira, etxeko ateak parez pare ireki dizkigutenean bereziki.  Guk, beraiek, elkarrekin, bizi ditugun momentu berezi horiek Tamdinen aurpegian, begietan, islatuta ikusten ditugu. Noizbait elkar ikusiko dugun ametsarekin.




JAPONERAKO BIDEAN, KUALA LUMPUR

Txinatik Japonerako bidean gure hegazkinak Kuala Lumpurren, Malasiako hiriburuan,  geldialdia egin behar zuenez, bi egun eman ditugu hiri erraldoi honetan. Kalez kale ibili gara bertako giro berezia ezagutzen eta nahasketa handia aurki dugu bertan. Etxe-orratz modernoak eta erlijio zaharren tenpluak nahasten dira eta nahiz eta Islama nagusi izan, erlijio eta kulturen arteko nahasketa berezia dago.

 Musulmanak  eta beren meskitak,



txinatarrak eta beren tenpluak


eta hinduak. Honako hau, erlijio hinduan egiten duten bezala, kopeta margotzen.


Baina, mundu osoan bezala,  federik  zabalduena diruaren erlijioa da eta honek ere bere tenpluak ditu.


Kuala Lumpurreko gauzarik ezagunenak dira Petronas dorre bikiak eta guk ere derrigorrezko bisita egin genien.


Hiri honetan eginiko egonaldi motza bukatu, maletak hartu eta… prest gaude Japonerako!